 |
I. |
 |
|
ARALAR |
San Migelen santutegian zulo bat dute horman, eta han burua sartuta otoitz egiteko ohitura dago. Elizapeko sima batekiko lotura zuen zuloak 90. hamarkada amaieraldera arte, eta barruko haize korronteak, edo kobak kanpotik zetozen soinuetan eragindako erresonantziak entzun zitezkeen.
Bisitariek aurkeztutako erreklamazioengatik itxi zuten, zulora eroritako betaurreko, argazki kamera eta bestelako objetuak berreskuratu ezin zirela-eta.
Pello Errotaren bizitza, bere alaba Mikaela Elizegik kontatua liburuan hala deskribatzen da: “An zulo bat oso itxusia omen dago, begiratzeak ere ikara ematen duana”. |

|
|
ERRENTERIA |
Joxemiel Barandiaran arkeologo, antropologo eta apezak Aitzbitarteko kobazuloak industen jardun zuen hirurogeigarren hamarkadan, eta lanak burutu bitartean handik gertu dagoen Astabiskar baserrian hartu zuen ostatu. Bertako familiak haitzulo haien inguruko istorio eta sineskeri batzuk kontatu zizkion, eta haietako baten arabera, kobazulora sartutako basahuntz batek handik 6 kilometrora dagoen Arandan baserriko sukaldean atera zuen burua. Barandiaranek bere etnografia ikerketetan argitaratu zuen istorioa.
Nire aiton-amonen baserria da Arandan. Anaiak istorioa topatu, eta aiton-amonei erakutsi genienean, harrituta geratu ziren. Astabiskarkoak zuzenean entzun balituzte, esaten diren hainbatetariko txorakeria bat zela pentsatuko zuketeen. Baina liburu bat gauza serioa zen haientzat, eta zer esanik ez apaiz batek idatzia bazen. Gizon harek eurek baino gehiago behar zuen jakin euren baserriari buruz. |

|
|
GAUNA |
Gaunako San Vitor ermitan ustezko santu baten garezurra daukate. Trepanazio bat dauka gainkaldean; aintzina buruko gaitzen aurka garezurrean egiten zen zulo bat.
Irailero, ura botatzen dute trepanazio horretatik, eta garezurrak ahotik kanporatzen du, iturri batek bezala. |

|
|
KORTEZUBI |
Santimamiñe kobako historiaurreko margoek jasandako hondatzea ikusita, sarrera galerazi zen 2006an, eta leizeko argiteria, instalazio elektriko, eskailera eta baranda guztiak kentzea erabaki zen. Argiak, beroak, herdoilak eta arnasak margoak kaltetzen zituzten, eta kobaren jatorrizko baldintzak berreskuratu nahi izan zituzten.
Hori eginaz batera hasi ziren erreplika birtual bat prestatzen, bisitariek pantaila baten aurrean eta 3D betaurrekoekin koba barruan egotearen sentsazioa izan zezaten. Koba ondoko ermita aukeratu zuten erreplika hori jartzeko, eta haren berrikuntza lanak hasi zituzten.
Obratan hango zorua altxa zutenean, 28 metro sakon den sima baten sarrera agertu zen aldarearen eskuinaldean. Barruan, bost errinozero topatu zituzten. |
 |
|
USURBIL |
«- 1983an, lapurrak sartu ziren gau batez, eta denetik eraman zuten; gure San Estebanen erlikia ere bai! Hura disgustua. San Esteban eguneko mezan ateratzen genuen hezur hura urtean behin, eta jendeak ilara egiten zuen muin emateko. Iritsi zen eguna, eta muxu emateko zerbait behar genuenez, santua bera jeitsi genuen errretaulatik. Eskala errealeko egurrezko irudia da. Aldare ondoan jarri eta banan-banan eman genion denok muxu. Erretaulan dagoenean ez zaio atzeko aldea ikusten, baina jeitsitakoan, hara, buru atzealdean zulo handi bat daukala ikusi nuen. Bertatik egurrezko kobazulo bat ikusten zen santuaren barruan. Eta orduan pentsatu nuen, buruan harrika hil zutelako daukala zulo hori, jakingo baituzu Esteban lehen kristau martiria izan zela. Eta ziur horregatik dugula hemen leizera ematen duen burua sartzeko zulo hau ere.
- Baina halako zuloak badira San Estebanenak ez diren eliza gehiagotan, bada beste bat Orion eta San Juan da hangoa.
- Ah, bai?
- Bai, eta Hernanin ere bazen, Ama Birjinarena.
- Bueno ba! Oiartzunen ere beharko du seguru, hango eliza San Estebanena da eta!» |
 |
|
ZEGAMA |
Zegamako San Pedro ermita eraikuntza txikia eta sinplea da oso, borda itxura duena eta kanpotik ez gurutzerik ez kanpairik ez duena. Ate ondoan duen ur bedeinkatuarentzako ontziak bakarrik salatzen du barruan zer duen. Barrura sartutakoan, zulo luzanga eta estua ikusiko dugu aldarearen eskuinaldean, eta bertan burua sartzeko ohitura dute bertakoek.
Inguruko baserritarrentzako eskola izan zen ermita denboraldi batez, eta santu eta aingeruen ondoan dagoen alfabetoa geratu da ordutik. Marrazki bat ere badago horma batean zintzilik, eskola zeneko oroigarri, Escuela San Pedro. Curso 1953-1954 dioena. Ermita ageri da marraztuta, baina eliza dotore moduan: Arkupea, bi pisu eta kanpandorrea dituen eraikuntza galanta.
Eskola hartaz ari ginela, zegamar batek kontatu zidan Cara al sol ereserkiaren musika Juan Telleria zegamarrak konposatu zuela, eta jatorrizko izena Amanecer en Cegama zuela. Nonbait, José Antonio Primo de Riverak deitu zituen Telleria eta beste hainbat Madrileko Cueva del Orkompon euskal jatetxera (euskarazko "hor konpon" alegia), eta han egin zuten Falangearen ereserkia izango zena.
Telleriaren busto bat ipini zuten Zegaman, baina bonba bat jarri ziotenean airean atera zen ondoko etxeraino harrizko burua. |
 |
|
 |
II. |
 |
|
ABAURREGAINA-JAURRIETA |
Zazpi kilometroko mendigune malkartsuak bereizten ditu Abaurregaina eta Jaurrieta. Gutxienez 30. hamarkadara arte, giza figura zarpail bat tailatuta zeukan harri bloke bat tarte horretako edozein puntutan topa zitekeen. Bertakoek garraiatzen zuten behin eta berriz. Norbaitek topatzen zuenean, hartu eta beste nonbait uzten zuen, berriz norbaitek mugitu arte. |

|
|
ASTIGARRIBIA |
Aspalditik utzita dagoen Sasiolako konbentuaren parean, Deba ibaiaren bestaldean, hainbat tonatako harri handi bat zegoen. Inguruko harrietatik ezberdina omen, deigarri suertatzen zen eta istorio eta espekulazioetarako ematen zuen. beste nonbaitetik joana edo eramana izan zitekeelako.
70. hamarkada inguruan bonba bat jarri zioten eta bertan txikitu zuten harria. |

|
|
URKIOLA |
Aski ezaguna da Urkiolako San Antoniok bikotea topatzen laguntzen duenaren ustea. Santutegiaren aurrean dagoen harriaren inguruan mugitzea da horretarako egin beharreko erritua, eta harri hori aspalditik bertan egon izan dela pentsatu izan ohi da.
1929an eramana izan zela badakigu orain. Garai hartan erretore zen Benito de Vizcarrak topatu zuen inguruko mendi batean zebilen bitartean, eta arraroa iruditu zitzaionez, santutegira eraman zezatela agindu zuen, han geologo batek aztertu zezan. Azkenean, bertan geratu zen harria, eta 70. hamarkadatik aurrera maitasuna topatzen laguntzen zuenaren ustea zabaldu zen. |

|
|
 |
III. |
 |
|
ERRENTERIA |
1785ean, Madrileko Historiaren Errege Akademiak eskatuta, Descripción de la villa de Rentería izeneko txostena idatzi zuen J.L. Gamonek. Bertan agertzen da Aitzbitarteko leizeen lehen erreferentzia idatzia. Testu hori bera Euskal-Erria aldizkarian ere argitaratu zen 1892an. Kuriosoki, leizeak deskribatzerako orduan, estrategia militarraren ikuspegitik egiten du.
Hala esaten da kobetako handienari buruz:
“Como quiera que sea, pueden dentro de esta cueva caber cómodamente diez mil hombres y defenderlos veinte contra un ejército de cien mil con solo tres cañones, colocando dos a distancia de veinte codos desde la nombrada espaciosa estancia. Esto se dice en suposición de que para la defensa no quisiesen valerse de la boca de la misma cueva.”
Ezagutzen duen edonori irudituko zaio guztiz gehiegizkoa eta lekuz kanpokoa 10.000 gizonen estimazioa, 280 metroko leize baterako.
1921ean berriz, Evaristo Bozas Urrutia idazle eta kazetari errenteriarrak Andanzas y mudanzas de mi pueblo liburua argitaratu zuen. Gamonen kalkulu horren aipamena egin zuen, baina 10.000 beharrean, nahastuta 100.000 idatzi zuen. |

|
|
USURBIL |
Udarregi bertsolariak ez zekien irakurtzen eta idazten, eta bere sistema propioa sortu zuen bururatutako bertsoak gordetzeko. Usurbilgo bere Artikula-Aundi baserrian, garia jotzeko gelako paretetan lerroak eta markak egiten zituen elkarren segidan teila zati batez, gela osoa berak bakarrik ulertzen zituen antzeko lerroz bateta edukitzeraino.
Gero, Jose Txiki, Usurbilgo organista joaten zitzaion etxera, eta Udarregik markei begira bertsoak diktatu ahala idazten zituen, gero inprimategira eraman eta argitaratzeko.
Jose Txikik bere etxera joaterik ez zeukanean, Udarregik makil batean markak kopiatu eta harengana joaten zen Usurbilera, makilari begira bertsoak esateko.
|

|
|
ZEANURI |
1958an menditik ekarritako arte bat landatu zuten piedadeko ermita ondoan. Ahula zela eta aurrera aterako ez zela uste zuten batzuk, eta horregatik, hurrengo urtean zuhaitzaren diametroa neurtu zuten, hazten ari zen jakiteko. 1,50 metroko altueran, 0,18 zentrimetro zituela apuntatu zuten. Handik aurrera, urtero neurtu zuten, San Balendin egunean ermita inguruan egiten diren ospakizunen barruan, bere hazte prozesua jarraitzeko. 1999an ahaztu eta ohitura utzi zuten. 2007an berriz ekin zioten, eta izaera ofiziala eman zitzaion. 2016an, 188 zentrimetroko diametroa eman zuen. |

|
|
 |
IV. |
 |
|
BAIONA - LIGI |
Bi kanta herrikoiren bidez iritsi zaigu hilketa banaren berri. Bereterretxeren khantoriak ustez XV. mendean Leringo kondeak Bereterretxetar bat engainatu eta akabatu zuenekoa kontatzen digu. Eta XIX-XX. mendeko Aphez Beltcharen Kantuak, ezezagun batek apaiz bat asasinatu zuenekoa.
Bietan, hilketa kontatu aurretik, estrofa hau bera topatzen dugu, aldaerekin bada ere: Altzak ez du ezkurrik, ez gaztanberak hezurrik. Gero dator ezbeharra: Ez nian uste erraiten ziela aitunen semek gezurrik, edo Ez nian uste bazela jainko semetan gezurrik.
Munduaren antolamendu eta egokitasun berezkoaren adierazgarri modura erabili dira altzak ezkurrik ez ematea eta gaztanberak hezurrik ez izatea. Gizakiaren gaitz eta gezurrek apurtzen dute bake hori.
Aipatu hutsarekin irudikatzen ditugu ordea ezkurdun altza eta hezurdun gaztanbera, eta ordena eta zuzentasuna apurtzen dituzten irudi mehatxugarri moduan azaltzen zaizkigu. |

|
|
ERRENTERIA |
1962an trikuharri berri bat topatu zuten Txoritokietaren magalean, eta hurrengo urtean induskatu zuten. Hartan ari ziren arkeologoek, ordea, arazo etengabeak izan zituzten lurren jabearekin. Ixilka altxor baten bila ari zirela konbentzituta zegoen hura. Bakean utzi zitzan, kontratu bat sinatzera iritsi ziren, han atera zitekeen urre guztia jabearentzat eta gainontzeko hezur, zeramika eta bestelakoak arkeologoentzat izango zirela hitzartuaz. Azkenean, ez zen ezer ere topatu, eta lurren jabeak mokadu batera gonbidatu zituen arkeologoak. |

|
|
Ricardo Basbaum |
Would you like to participate in a artistic experience?, 1994-... |
125 x 80 x 18 zm. neurtzen duen altzairu pintatuzko objetu bat egin zuen Basbaumek 1994an, erdian zulo batekin. Gero, hogei urte baino gehiagoz, objetu hori nahi izan duen orori eskaini zaio, harekin nahi duena egitera gonbidatuz. Besteak beste, seaska, txalupa, janaria gordetzeko kutxa edo burua bertan sartzeko gailu bezala erabili izan da. |
 |
|
Mark Manders |
Two connected houses, 2010 |
New Yorkeko Guggenheim museorako egin zuen proposamen hau Mandersek. Museoko atrioa eta handik gertu dagoen 89th Streeteko etxe bateko sukaldea lotu nahi zituen lurpeko tunel baten bidez. Mapa sinple batez eta zulaturiko sukaldeak irudikatzen dituzten collageez lagundu zuen proiektua. |
 |
|
Luis Marte |
Templos, 2000-... |
Martek eliza askoren barrualdeko soinua grabatzen jardun du 2000. hamarkaren hasieraldetik. Bertan inor ez dagoenean grabatzen du, eraikinaren barne erresonantzia, eta espazio hutseko erreboteek kanpoko soinuei nola eragiten dieten harrapatzeko. Templos bildumak hainbat CD-tan argitaratuak izan dira. |
 |
|
Bruce Nauman |
Audio-Video Underground Chamber, 1972-74 |
Mikrofono bat, bideo-kamera bat eta lanpara bat sartu zituen giza eskala zuen zementuzko kutxa batean, eta metro t'erdira lurpetatu zuen. Galerian, monitore batek zuzenean jasotzen zuen mikrofonoak eta bideo-kamerak bidalitako seinalea. Denbora errealean ikus zitekeen kutxaren barnealdea. |
 |
|
Alejandra Riera |
Vues partielles, vistas parciales, 2013 |
Rierak erakusketa zabaldu zuen Leongo MUSAC museoan 2013ko urtarrilean, filme berri bat aurkeztuz. Horretarako egokitutako espazioak hormigoizko eta kristalezko hormak zituen, leihorik gabeak, eta zurrun eta hotzegia iruditu zitzaion. Inaugurazioa baino bi egun lehenago, zulo bat egin zuten kristalezko horman, haize hotzari barrura sartzen utziz. Erakusketa ondoren kristala lehengora ekartzea pentsatua zuten, baina hurrengo erakusketako artistek bere horretan utzi nahi izan zuten zuloa. |
 |
|
|
Jimmie Durham |
This is a stone from the mountain, this is a stone from the red palace, 1992 |
Kasselgo IX. Documentan, bitan banatutako hareharri bloke bat aurkeztu zuen. Batek “Harri hau mendikoa da” inskripzioa zuen, besteak “Harri hau palazio gorrikoa da”. |
 |
|
Maria Loboda |
This work is dedicated to an emperor, 2012 |
13. Documentarako egindako lan honetan, euren posizioa aldatzen zuten 20 altzifre jarri zituen Kasselgo Orangerie inguruko zelaietan. Gaueko iluntasunean aldatzen zituzten lekuz, ikuslerik ez zegoenean, estrategia militarretako mugimenduak jarraituz. Orangerie eraikina inbaditu nahi zuen zuhaitz ejerzito bat zirudien. |
 |
|
Jorge Satorre |
The Erratic. Measuring Compensation, 2009 |
Apenas dagoen harririk Herbereetan, eta daudenak Eskandinabiatik glaziarrek garraiatuak izan ziren duela milaka urte, Europa iparraldea izotzez estalia zegoen garaian. Harri alderraiak esaten zaie. Satorrek haietako bat azterrarazi zuen nondik etorria zen argitzeko, eta haren jatorrizko lekura eraman zuen gero, Suediako baso
batera.
Prozesuan, ekintza harek sortu zitzazkeen erreakzioak irudikatu eta marraztu zituen: Jende saldoa garraioagatik protestan eta hura oztopatu nahian. Benetan, halere, hautsik harrotu gabe eraman zuen harria Suediaraino. |
 |
|
Falke Pisano |
Changing perspectives, 2015 |
Hariz lotutako adaxkaz eginiko objetua da, sare baten modukoa. Adaxketan hitz batzuk ageri dira idatzita; preposizio, adberbio eta konjuntzioak, batez ere adaxken arteko loturetatik gertu: Then, if not, out... |
 |
|
Julia Spínola |
Frase (objeto), 2012 |
"Esaldiaren" inguruko collage eta eskultura multzo bat sortu zuen Julia Spinolak 2012an. Elkarren segidan jarritako lerro bertikal eta horizontalak topatzen ditugu batzuetan, eta lerroan jarritako objetuak besteetan (oinetakoak, lorontziak, kafe txorrotaden arrastoak, plastikozko edalontziak...). |
 |
|
|
David Bestué |
Bola de oro oculta bajo una capa de plata, de cobre, de hierro, de plata, de plástico, de mármol, de ladrillo, de madera y de hormigón abandonada en un lugar indeterminado de España, 2013. |
Barruan daukana ikusten ez duen zementuzko kubo bat nonbait utzia izan zen. Ekintza dokumentatzen duen argazkian basamortu bat dirudien paisaia lehor bat ikusten dugu. |

|
|
Leif Elggren |
Extraction, 2002. |
CD batean argitaratutako soinu pieza bat da Extraction. Harekin batera datorren testuak entzun beharrik ez dagoela diosku, eta soinu arriskutsuak ere izan daitezkeela. Hona gomendioa: "Sartu diskoa zure erreproduktorean, egiaztatu ondo entzuten dela, eta alde egin. Itzultzerakoan ezberdina izango da dena ". |

|
|